XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Antonio, garrantzi handia ematen al diozu garbitasunari?

Ant.- Bai. izugarria. Hara, eultzak ere (erlauntzak) bost urtez behin aldatu behar lirateke. Nik neuk erre egiten ditut halamoduzkoak. Erlearen osasuna nahi bada... Garai batean ez zen material aukerarik, baina gaur? Gainera, erlea ondo janaritzea ezinbesteko jokabidea du erlezainak. Erleseme berriak, esaterako, gurasoek seme-alaba ezkonberriak bezala zaindu behar dira.

Aldizk.- Tresna multzoa dauka guri erakusteko. Jarraian tramankulu txukun bat ipini du zurgin-mahai gainean. Zertarako izango eta koadro bat muntatu digu gure begibistan. Beste tramankulu bat gero, eta koadroari alanbrea jartzekoa. Dotorea hau ere. Zenbat erle dituzu, Antonio? arrapaladan galdegin diogu.

Ant.- Nik beti hogeiren bat izan ditut. Aurten nahikoa abandonaturik dauzkat, aurten oso gaizki eta ia eztirik ez, horra egia.

Aldizk.- Bai, besteok ere ez dugu ezti askorik, hemen behintzat, ez da ezti-urte ona izan. Aurten eta iaz ere berdintsu.

Ant.- Badakizue zer esango dizuedan? Birentzako dagoen lekuan hirurentzako ere badelako esaldi hori gezurra dela. Hara, Usoko errekako hegal batean dauzkat bost erlauntza. Beste batek handik urrutira gabe 17 erlauntza jarri zituen joan den udaberrian, eta ez hark eta ez nik eztirik. Iaz ere urte txarra izan zela, baina nik eztia izan nuen. Urnietako Igerategi aldean dauzkat beste bost, eta han ere bada paraje hura gustatu zaion bat.

Aldizk.- Jende xelebrea ere badago, ezta? esan diot arrangura arindu nahian.

Ant.- Bai, oiloaren ipurdia den bezalaxe xelebrea. Ez dakit zer dagoen gure artean: inbiria den, zentzurik eza edo... Hemen konturatu behar da klimak, loraldiak, eguraldiak, etab. asko mugatzen gaituela. Leku asko dago erleak jartzeko, baina saiatu egin behar da leku egokia bilatu eta inori kalterik ez egiten. Garai batean guk Akurrika aldean (Hernanitik Arano aldera) edukitzen genituen erleak. Beno, han eta hemen. Hemen uztak huts egiten bazuen han seguru eztia eta alderantziz ere berdin.